Esku hutsik iritsi ginen eta bihotza beterik daramagu

Badira ia bi hilabete abentura hau hasi genuela. Oroitzen dugu bidaia oso neketsua izan genuela eta ez genuela zer topatuko genuenaren ideia handirik. Urduritasuna eta zetorkigunaren aurreko zirrara ere bagenuen, hiruron artean nola moldatuko ote ginen dudez gain. Bidaiaren lehen gaua Chiclayon igaro eta gero, Cutervorantz eramango gintuen konbi batean sartu ginen. Kurbaz beteriko bide luzea genuen aurretik, baina inguratzen gintuzten mendi zerra ederrei begira denbora azkar igaro zitzaigun, zoragarria da bertako paisaia.
Behin Cutervora iritsita, oso erraza egin zitzaigun bertako egunerokotasunera ohitzea, izan ere, bertako jendeak erakutsi digun gertutasunagatik ez da zaila izan etxean bezala sentitzea. Herri izaera duen hiria da honakoa, denek ezagutzen dute elkar, eta horregatik hasiera batetik gomendatu ziguten zenbait jarrerarekin kontuz ibiltzeko «herri txiki, infernu handi» esaldia errepikatuz. Jakin dugu horren berri, futbol partidaren bat ikusi badugu, astelehenean eskolan esango digute, eta erretretan dantzan ibili bagara, hurrengo egunean erosketa egitera goazen dendako nagusiak emango digu zertan ibili garenaren berri. Hasieran zertxobait deseroso sentiarazten gintuen horrek, baina poliki-poliki ohitzen joan gara bertako txikitasunera.
Eskolako dinamikari dagokionez, ekitaldiz josita dago: dantza eta musika lehiaketa, zientzia lehiaketa, desfileak… eta guk, gogotsu hartzen ditugu! beti dago eurengandik zerbait ikasteko. Hala ere, egia da hasiera batean bertako hezkuntza-sistemarekin topo egitean uneoro gauzak alderatzera jotzen genuela, baina poliki-poliki ikasi dugu bertatik ere badagoela zer ikasi, eta moldatzen jakitea ere ikasketa ona dela. Hiru zikloetan gabiltza esku-hartzen, lehen hezkuntzan eta haur hezkuntzan Itxaso eta Alaitzen kasuan, eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan zein gurasoekin Maialenenean. Arratsaldeetan, aldiz, tailer sozio-emozionalak egiten ditugu LH-ko hainbat mailarekin, eta bueltan besarkada, muxu eta euren hurbiltasuna jasotzen dugu.
Argi dugu poliki-poliki abentura honen amaierara heltzen ari garela, eta horrekin batera tristura sentsazioa ekidin ezina da, denbora laburrean ikasketa asko , oroitzapen politak izatea eta laguntasun polit bat sortzea eman baitigu esperientzia honek. Behin baino gehiagotan errepikatu dugu: esku hutsik iritsi ginen eta bihotza beterik daramagu. Eta orain, etorri ginen ilusio berberarekin azken aste hauek disfrutatzea besterik ez zaigu geratzen, kontziente izanik, zorte handia izan dugula bizipen hau elkarrekin partekatu dugulako.































