Lurigancho beste begi batzuekin ikusten hasi gara. Nahiz eta ilargia eta eguzkia ez diren agertzen, hauen argia eta berotasunez gozatzen ikasi dugu

Loiun gaude eta bata besteari begiratzen diogu. 3 hilabete pasako ditugu elkarrekin eta justu justu gure arteko izenak dakizkigu. Milaka galdera ditugu buruan etxean planteatu ere ez ditugunak. Esaterako, “uf, hau desastre bat dirudi, ez daki ezta nun duen pasaportea, imajinatu nola izango den egunerokotasunean”. Bestea “la más dramatika familia agurtzen, zenbat malko aguantatu beharko ditugun neska honekin”.
Limara heldu eta “el ahorita voy” berehala ezagutu genuen. Horrekin batera, trafiko, kaos, zein distantzia motz amaigabeak, 15km 2 ordutan!!
Gure espektatiba baxuenekin San Juan de Luriganchora heldu ginen, gaupasa eder batekin gainera. Bagenekien Collique bezain zatarra zela baina “joe”, a ze parajea! Lainoa, kea eta hautsen artean ez genituen ezta gure arteko aurpegiak ikusten ere.
Eskolara iritsi eta ze ondo, ze jator, ze harrera polita! Zailena gero etorri zen, gure artean banatu eta bakoitza gela batera sartu ginenean. Bat-batean errealitate guztiz ezberdin batekin topatu ginen eta buruan geneuzkan ideia, dinamika, jolasa eta ekintzak aldera batera utzi beharko genituen eta berriak sortu. Buf, berriz paper txuri baten aurrean aurkitzen ginen, eta ezin bete!
Hasierako inpresio hau izan zen duda barik gehien elkartu gintuena, izan ere, bata bestearen euskarri izan ginen eta umorearekin hartu genuen. Gutxi iraun zigun amets gaizto honek. Azkar eman genion buelta eta egunak hobetzen joan ziren.
Bostok bat gara, norabide berdinean funtzionatzen dugu. Egun guztia elkarrekin pasatzen dugu, utzi diogu komunean atea ixteari eta guzti. Non gelditu ote da gure intimitatea?
Proiektuari dagokionez, rolak banatuta daude bi taldetan. Alde batetik, Iratik eta Laurak arlo kognitibo eta psikomotrizitate fina lantzen dute, logopeda lanetan ere ari dira. Bestetik, Maitane, Aroa eta Mireiak umeak izerditzeaz arduratzen dira, psikomotrizitatea eta funtzionaltasuna landuz. Banakako arreta eskeintzen diegu umeei, bakoitzaren beharren arabera, arreta mantentzeko jolasen, zirkuituen, mahai dinamiken bitartez. Hitz bareko harreman hauek ez dira errazak izaten baina pila betetzen gaitu egunero eskolatik sartzean oparitzen dizkiguten besarkadak.
Konturatu gabe egunak pasa dira eta gure esperientziaren erdia jan dugu. Ziur gaude Luriganchok ez gaituela harritzeari utziko. Ze gogorra izango den burbuila honetatik irtetzea eta gure errealitatera bueltatzea, baina hau beste kapitulu baterako utziko dugu. Ez dugu horretan pentsatu nahi…
Lurigancho beste begi batzuekin ikusten hasi gara. Nahiz eta ilargia eta eguzkia ez diren agertzen, hauen argia eta berotasunez gozatzen ikasi dugu.































