Eta eraikitzen jarraituko dugu!!!

Seigarren astearen erdian gaudela idazten digu hau, baina egin dezagun atzera, hasierara. Yungayra iritsi eta nahiko azkar lortu genuen lekura egokitzea. Herri txikia da eta horrek asko lagundu du. Bertakoek besoekin zabalik hartu gaituzte haienean, nahiz eta “gringoak” izatearren begirada ugari izan ditugun gainean. Umorez hartu ditugu begirada horiek. Bost inguru guztiz desberdinetatik gentozen taldea gara, lehenagotik elkar ezagutzen ez genuena. Hala ere, lehen momentutik, gure energiek eta jarrerek bat egin dute, elkarren bidelagun eta euskarri izan garelarik. Eskolan, ilusio handiz jasotzen gaituzte haurrek, badakitelako ideia berriak dakartzagula eta ohiko dinamika hausten duen zerbait garela. Maitasun izugarria erakutsi digute: mila besarkada, irribarre izugarriak, haien jakiak eskaintzen dizkigute uneoro proba ditzagun… Hasieran, hemengo hezkuntza-sistema eta honen ikuspegia nahiko arrotzak egin zitzaizkigun, gurean dugunarekin alderatuta desberdintasun asko eta oso nabarmenak ikusi baititugu. Hala ere, haienera moldatzen saiatu gara, gure nahi onenarekin zerbait gehigarria egin dezakegulakoan. Izan ere, gehien erabiltzen dugun esaldia ondorengoa da: “puedo ayudar/apoyar en algo?”
Irratian ere gelditu gabe aritu gara. Ekintza eta ekitaldi piloa dituzte eskola orduetan: kirol txapelketak, desfileak, eskolta lehiaketak…, eta horietan guztietan argazkilari lanak egin behar izan ditugu. Egunero dute zerbait. Hori ere, gurearekin alderatuta, oso desberdina. Hala ere, asko eskertzen dute eskaintzen diegun laguntza guztia.
Eskolan bertan bizitzeak, horretan guztian, esperientzia guztiz inmersiboa izatera eraman gaitu, errealitate horren parte izaten ari garelako: bazkaltzen ikusten gaituzte, une libreetan ere bertan gaude…, baina horrek ez du arazorik suposatu guretzat, guztiz kontrakoa, alegia. Urbiltasuna ekarri du.
Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi inguratzen gaituen parajea. Mendikate beltza eta zuriaren artean bizi gara, egunerokoan sekulako inpaktua sortzen duena gugan. Nabaritzen den lasaitasuna, giroa, bakea… horrek denak ez du zerikusirik gure herri eta hirietako erritmo eta zaratarekin. Honekin batera, gure ordutegiak ere aldatu dira: eguzkiarekin batera altxatzen gara eta ia-ia hau ezkutatzearekin batera goaz lotara (pixka bat beranduago, jajajajaja).
Kontziente gara esperientziaren ekuadorra pasa dugula dagoeneko eta horrek, bertigo pixka bat ematen du, esperientzia maximora esprimitu nahi dugulako eta bukaera geroz eta gertuago ikusten dugulako. Horrela ba, geratzen zaizkigun asteei zukua atera nahi diegu, daukagun onena eman eragin positibo bat suposatzeko bertakoengan, horrek egingo baitu aldaketa bat gugan. Orain arte asko aldatu gaitu, baina oraindik asko daukagu aldatzeko, hori argi geratu zaigu. Eta bertigo horrek ez du oztoporik suposatuko, hortaz baliatuko gara eta gogor emango diegu asteei.
Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, bidea eraiki dutenei, bidean gauden guztiei eta bidelagun izaten dabiltzan guztiei, haiek gabe ez zelako berdina izango. Esperientziak pertsonalak diren arren, elkarren artean eraiki dugu egun hauek suposatu digutena. ETA ERAIKITZEN JARRAITUKO DUGU!!




























