San Juan de Lurigancho – SERSO San Viator y Juventud Vasca Cooperante

“Esnatzean ez dakizu datorren egunak zer emango dizun”… Hau da pixka bat San Juan de Lurigancho, guretzat SJL. Ezjakintasuna, sorpresa, harridura, beldurra, tentsioa, kiratsa, poza, gauetako txakur hotsak, tristura… Barre algara handi batek laburbilduko luke 3 hilabeteetan leku hartan bizi izan duguna.
Denboraren nozioa nahastuta eduki dugu. Erlojurik gabe ibili gara, eguzkia izan da gure zaindaria eta harekin batera hibernatzera joan gara etxera, badaezpada. Askotan ze ordu den jakin gabe eguzkiari begira geratu izan gara, ordua nork asmatuko duen zain.
Pribilegiatuak ginela bagenekien hona etorri aurretik eta hemen berriro ere auzi horrekin tupust egin dugu. Errealitatea gordina da, bizitza ez da batere justua eta jendeak mirariak egiten ditu bizirauteko. Bizitzeko egunak zenbatuta ditugula ohartu gara, batzuek beste batzuk baino egun gehiagoz gozatu ahalko dute eta hori hurbiletik bizitzea tokatu zaigu.
Nork aukeratzen du zein den bakoitzaren lekua mundu honetan?
3 hilabetetako gure preokupazio handienetarikoak janaria egitea, arratsaldeko kafea noiz hartuko dugun erabakitzea, engantxatu gaituen liburuarekin edota seriearekin jarraitzea, etxeko giltzak nork dituen jakitea… izan dira. Orokorrean ari naiz, baina bai, egia da, hemen ez dugu eduki han edukitzen ditugun estres edo antsietaterik. Hemen ez eta han bai. A ze ironikoa den bizitza. Baina dena ezin daiteke eduki eta hori behin da berriz errepikatzen du gutako batek.
Hango dena han utzita etorri gara. Buruhausterik gabe. 3 hilabetetako burbuila bizitzeko prest. Azken finean, burbuila bat besterik ez da izan eta konturatu orduko jostorratz batek burbuila apurtu eta bapatean konturatzen zara lau egun besterik ez direla geratzen, berriro ere Perura etorri ginen guztiekin elkar aurkitzeko, hasieran agurtu ginen leku berean, Jorge Chavez aireportuan.
Baina oraingoan, elkarri desberdin begiratuko diogu. Ziur asko ez gara izango hasieran aireportuan aurkitu ginen berdinak, gure barnean gauzak iada ez daude berdin, “munduan dena aldatzen da, beraz, ez harritu aldatzen bagara”.
Bapatean… ‘’oroitzapenek esnatu naute ametsetan nengoela’’. Hain zuzen ere hori da geratzen dena azken finean, oroitzapenak besterik ez. Liburuxka batean idatzita daukagun egunerokoan agertuko dira beraien izenak, esperientzia honetan ezinbestekoak izan direnak eta nola ez, gure buruan izango ditugu beraien aurpegien siluetak ere. Eta haiek gureak, seguru. Betirako disko gogorrean gordeta. Hara iristean beraietaz gogoratuko gara, momentu horretan zer egiten egongo ote diren galdetuko diogu geure buruari. Seguraski, Gloria bere izkinean josten egongo da eta auzoko umeak futbolean.
Gutxi ez dira ikasi ditugun gauzak, ordea. Adibidez, bizitza norberak hari ematen dion ikuspuntuaren araberakoa dela,eta garrantzitsuena horri aurre egiteko jartzen diozun jarrera eta gogoa direla, besterik ez. Norberaren ikusteko moduak errealitatea aldatu dezake, eta Lurigantxo bezalako lekuak maitatzera iritsi.
Ez genekien ez nora ezta norekin egongo ginen 3 hilabeteetan. Ibilbidea bere helmugara heltzen ari dela ikusita, ohartu gara lekuak berdin diola. Lekua berezi izatea jendeak egiten baitu. Ondoan dituzunak zeharo garrantzitsuak dira. Eta esperientzia honetan taldea ezinbestekoa izan da, gure gora behera guztien gainetik, familia bat izan gara. Arrisku guztien artean lasaitasuna ematen zigun jakiteak familia bat genuela Lurigantxoko etxean zain. ‘Txarra kenduta, ondo’ izan da gure lema eta horri helduta egin diogu guztiari aurre.



























