Yungay-Caraz/ San Viator – SERSO San Viator y Juventud Vasca Cooperante

Nola hasi? Nola kontatu? Nola adierazi?
Abentura honen inguruan hitz egiten hasten naizenean hortz artean gelditzen zaizkit hitzak. Ezin erantzun gurasoen «Zelan zabiltza» bat edota «Kontatu zerbait» horietakoren bat. Hainbeste gauza kontatzeko…
Liburu bat idatzi dezaket bi hilabete hauetan bizi ditugun esperientziekin. Ez dakit zehazki nola deituko litzateken liburua baina seguru akziozko liburu bat izango litzatekela; edota fantasiazkoa, sinestezinak diren pasarteak dituena, abentura honi unikornioren bat agertzea soilik falta baitzaio.
6 kooperante gaude Yungayn, 6 lagun, ezezagun izatetik ezagun eta ondoren lagun izatera pasa diren 6 kooperante. Behin norbaitek esan zigun abentura hau bakoitzarena dela eta pertsona bakoitzak bere esperientzia bizitzen duela; horregatik, idatziko ditudan eta irakurriko dituzuen hitz hauek Martinenak izango dira, bere herria faltan botatzen hasi den eibartar baten hitzak.
Peru tokatu zitzaidan unean argi izan nuen zein zen nire oinarrizko helburua: peruano bilakatzea! Haien ohiturak, haien errutinak, haien bizitzeko erak, etab. bereganatu eta ezagutu nahi nituen. Lehen asteetan horretan egon ginen: ikasleekiko lehen kontaktua, lan egiteko espazio eta harreman berriak, organizatzeko moduak, hitz egiteko erak. Segituan konturatu ginen aurrean genituen 3 hilabetetan pazientzia asko landu beharko genuela… Eta baita arroza eta oilaskoarekin amesten amaituko genuela ere!
Aste horietatik textu hau idazten ari naizen momentura, gauza asko bizi izan dugu, eta gauza askotaz hausnartu dugu. Lehenik, tokiarekin izan dugun zortea: mendi ikaragarriak, eguraldi bikaina, jende jatorra, libreki mugitzeko aukera… Seguru nago Collique eta Luriganchoko gure lagunei kaletik lasai joatea asko gustatuko litzaiekela.
Bestetik, taldea! 6 gara bai; Barrian norbaitek geroz eta jende gehiago egon, orduan eta konflikto gehiago izango zirela zioen. Gure gora-beherak izan baditugu ere (normala den bezala) oso ondo konpontzen gara. Denaz hitz egiten dugu, dena konpartitzen dugu, esperientzia guztiak elkarrekin bizitzen ditugu… Oso talde kantaria gara gainera, edonora kantuz goaz eta horrek, poztasuna ematen dio gure egunerokoari. Bakoitza bere etxekoa da, bai, baina izan ditugun arazoez hitz egitea lortu dugu eta horrek, gure esperientzia guztiz bideratu du.
Barrian taldearen garrantzia azpimarratu ziguten bai, baina ez nuen sekula espero holako garrantzia izango zuenik. Tokia, garrantzitsua; taldea, ezinbestekoa.
Eskolan gutako bakoitza oso gustora dago: Eneko taldeko teacher bezala topera dabil, Olaia haur-hezkuntzan umeekin egunero, Alazne lehen Hezkuntzako superirakaslea da, Patri psikologarekin bat talde dinamikak eta tailerrak egiten behin eta berriz, Andrea irratian lanean jo eta ke! eta ni? Gorputz Hezkuntza ematen bai Carazen eta bai Yungayn. Denak pozik, denak topera, behar den bezala.
Eta puntu honetan… Zerbait kontatzea nahi?
Agian helduko da bizitzako momentu bat esperientzia honetan bizitako dena kontatzeko gai izango naizena. Gaur dena ondo doala jakitearekin nahiko izan beharko duzue.
Badakit inoiz errepikatuko ez dudan esperientzia baten aurrean nagoela. Hilabete faltan soilik. Zelan pasatzen den denbora… Bueltan, Euskal Herriko haizea sentitzen dudanean, jendearengan utzitako arrastoa soilik geldituko da hemen, urteetan iraungo duen arrastoa akaso.Horregatik, zin dagit, azken segundurarte, dugun onena emango dugula.
Martin Egiguren, Yungay-Caraz, 2024ko abuztuaren amaiera



























